ANABAC
Itsas ekosisteman ahalik eta eragin txikiena izango duten teknikak eta ekipoak sustatzeko jardunbide egokien kode bat

Iraunkortasuna helburu
Bermeo Tuna Forum 2 y 3 mayo de 2023 / iraunkortasunaren helburua  / ANABAC Itsas ekosisteman ahalik eta eragin txikiena izango duten teknikak eta ekipoak sustatzeko jardunbide egokien kode bat
anabac

ANABAC
Itsas ekosisteman ahalik eta eragin txikiena izango duten teknikak eta ekipoak sustatzeko jardunbide egokien kode bat

Nekane Alzorriz
ANABACeko zientzia-aholkularia

ANABAC

Atunontzi izoztaileen armadoreak biltzen dituen ANABAC elkartearen flotak 2012an plazaratu zuen borondatezko jardunbide egokien kodea, gure arrantza-jardueran eta arrain-hautaketan egiten diren maniobrak hobetzea helburu duten arrantza-tekniken eta -ekipamenduen erabilera sustatzeko. Ekosisteman eragiten den inpaktua minimizatu nahi da horrela. Kodea martxan jartzearekin batera, hainbat proiektu bideratu dira, besteak beste, erakunde zientifikoekin lankidetzan egin ditugunak, prestakuntza-arlokoak eta erakunde arautzaileekin batera gauzatutakoak —proiektuetan parte hartuz eta eskatutakoak baino datu gehiago emanez, esaterako—.

«Gainera, ingelesez FIP esaten zaien arrantza hobetzeko programetan parte hartzen dugu, beste flota eta elkarte batzuekin sinergiak sortuta, lantalde zientifikoetako partaide gara eta erakunde publikoekin batera dihardugu, tunidoen ustiapen jasangarria ahalbidetuko duten arrantzako kudeaketa-planak etengabe ezartzeko. Estrategia horiei eta beste batzuei esker, 2021etik MSC ziurtagiria dute gure elkarteko kide guztiek», azaldu du Nekane Alzorriz ANABACeko aholkulari zientifikoak.

Zer garrantzi du Marine Stewardship Council (MSC) zigiluak ANABAC elkartearentzat?

Gure elkarteko kideentzat, zigilu urdinak berretsi egiten du gure jarduera jasangarritasunez garatzeko dugun epe luzerako konpromisoa. Jardunbide egokien kodea onartu genuenetik, ekosistemari eragindako inpaktua ahalik eta gehien murrizteko egiten dute lan gure enpresek eta arrantzaleek. Gaur egun, gure elkarteko enpresa guztiak eta flota osoa MSC ziurtagiria lortzeko edo berresteko prozesuan daude. 2018an, gure elkarteko Echebastar inguraketa-arrantzako enpresa izan zen lehena MSC ziurtagiria lortzen, modalitate guztiak kontuan hartuta (banku librean egindako arrantza nahiz arrainak metatzeko gailuak —ingelesez FAD esaten zaienak— erabiltzen dituena). MSC ziurtagiria lortzea prozesu konplexu eta zorrotza da, eta gure elkarteko kideentzat kudeaketa- eta ekoizpen-gardentasuneko ariketa bat. Ingurumen-ziurtagiri ospetsu horren bidez, arrantza-jarduera arduratsu eta jasangarriaren aldeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, orain eta etorkizunean, datozen belaunaldiei baliabideak bermatzeko helburuarekin.

Nola uztar daitezke tradizioa eta teknologia, euskal arrantza-industria indartzeko eta, aldi berean, jasangarria izateko?

Gure industriak teknologia erantsi dio tradizioari, eta, horretarako, zientzian oinarritu gara. Teknologiaren etengabeko bilakaerari esker, gure jardunak baliabideen egoera ebaluatzeko informazio oso baliotsua ematen die erakunde zientifikoei. Era berean, oraingoan ere zientzia oinarri hartuta, gure jardunbide egokien kodeari balioztapena eta aholkularitza ematen dizkio AZTIk.

«Zigilu urdina gure epe luzeko jardueraren garapen iraunkorrarekin dugun konpromisoa berrestea da»

Gure arrantzaleen jakinduria tradizionala oinarritzat hartuz eta teknologia, tresna eta teknika berriei buruzko etengabeko prestakuntza sustatuz, arrantza-praktika jasangarri eta efizienteak ari gara garatzen.

Gaur egun, zer proiektutan ari zarete lanean?

Gure kodera etengabe biltzen ditugu jardunbide egokiak, ingurumenean eragiten dugun inpaktua arintzen eta murrizten jarraitzeko. Gure jardueran, nahigabeko eragina izan dezakegu kalteberak diren ekosistema edo espezieetan. Inpaktuak minimizatzeko, ezagutu eta aztertu egin behar ditugu. Horrenbestez, ANABACen askotariko proiektuak ari gara lantzen: FAD (fish aggregating devices) eraikitzeko erabiltzen diren material tradizionalak material biodegradagarriekin ordezten, itsasoan eragin dezaketen kutsadura murrizteko; espezie kalteberak markatzen, askatu ondoren duten biziraupen-tasa ezagutzeko eta habitatean duten portaera aztertzeko; sareak birziklatzeko eta FADak berreskuratzeko proiektuak gauzatzen; gailu horiek itsasoko ingurune kalteberetara iristean izan dezaketen inpaktuari buruzko azterketak egiten eta abar.

Etorkizunerako bidea

Zer etorkizun du inguraketa-arrantzak?

Argi dugu: gure sektoreak eta elkarteko enpresek etorkizuna izatekotan, nahitaezkoa da arrantza arduratsu eta jasangarria bermatzea ozeanoak eta bertako baliabideak tratatzerakoan. Horrez gain, lan-baldintza seguruak eskaini behar dizkiegu gure eskifaiei, eta haien gizarte- eta lan-eskubideak errespetatu. Arrantza-tekniken artean inguraketarena da selektiboenetako bat, karbono-aztarnarik txikiena utzi eta kontrol-mailarik handiena ahalbidetzen duena, ontzi-aldaketako jarduera guztiak portuan egiten baitira, agintarien ikuskaritzapean. Euskal inguraketa-arrantza eredugarria da munduan, gauzak egiteko moduari dagokionez, eta erreferentzia da arrantza arduratsu eta jasangarrian. Horregatik, espero dugu luze irautea Bermeon 60 urte baino gehiago daramatzan inguraketak.

Datozen urteei begira, zer erronka ditu elkarteak?

Sektorea oso araututa dago, lege-esparrua oso aldakorra da eta gero eta garestiagoa da baliabidea eskuratzea. Erronka handia da abangoardian jarraitzea gure jardueraren ingurumen- eta gizarte-jasangarritasuna zaintzeko, kontuan izanik lehia handia dugula gure estandarrak betetzen ez dituzten flotekin. Gure elkarteko enpresek egokitzen jarraituko dute erronka berrietara egokitzeko; baina, jasangarritasunak helburu komuna izan behar du arrantza dihardugun eragile guztiontzat, epe luzean baliabidea babestu nahi badugu. Ildo horretan, level playing field bat lortzea izango da erronkarik handiena; hau da, arauak flota guztiei modu berean ezartzea; izan ere, tamalez, gaur egun ez da hori gertatzen. Gure erakundeek eta Europako arduradun politikoek sektorea benetan babestea da funtsezko beste erronketako bat; izan ere, enplegua sortzen du, lanean dihardugun inguruneen egonkortasuna sustatzen du eta hirugarren herrialdeetan estrategikoki jarduteko esparrua da. Azkenik, belaunaldi-aldaketaren eta emakumeak arrantza-sektorean sartzearen erronka nabarmendu nahi dugu.