Jakin ezazu zein diren ozeanoak mehatxatzen dituzten arazo nagusienetako batzuk
Ozeanoek, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) arabera, Lurreko oxigenoaren % 50 inguru sortu eta bertoko biodibertsitatearen zati handi bat hartzen dute. Halaber, proteina-iturri nagusia dira mila milioi pertsona baino gehiagorentzat. Bizi-eragile hori faktore anitzek mehatxatzen dute, eta garaiz esku hartzen ez bada, are gehiago andetuko dute. Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak (UNESCO) itsas ingurunearen kolapsoak ekar litzakeen ondorioen jakitun izanda, 2021. eta 2030. urte bitarteko denboraldia Garapen Jasangarrirako Zientzia Ozeanikoen Hamarkadatzat jo zuen. Jarraian, ozeanoak zemaitzen dituzten arriskuetako batzuk adieraziko ditugu:
Itsasoen azidotzea
Ozeanoek funtsezko zeregina dute klima-aldaketaren borrokan; izan ere, gizakiok sortzen dugun CO2-aren % 30 inguru xurgatzen dute. Haatik, zeregin horrek kostua dakarkie urei, karbono dioxidoa diluitzean horren berezko kimika aldatu eta azidotasuna handitzen baita. CO2-aren isuriak murrizten ez badira, uretako azido-kantitateak % 150 handituko dira 2100ean, eta egoera horrek arriskuan jarriko du itsas espezie txikienen biziraupena.
Zaborrek eta plastikoek eragindako kutsadura
Ozeanoak estolda-zulo handia bilakatu dira; izan ere, kutsadurak ozeanoen % 40ri eragiten dio. Era guztietako hondakinak –ongarriak, erregaiak, industri hondakinak eta, batez ere, plastikoak– ozeanoen uretara iristen dira, nahita botatzen direlako edo ibai eta hustubideen bidezko isurketagatik. Urtero ozeanoetara iristen diren 13 milioi tona plastikoek milaka animalia hiltzen dituzte. 14. GJHaren helburuetako bat da, hortaz, 2025ean itsas kutsadura nabarmen murriztea, batez ere, lurrean egindako jarduerek eragindakoa.
Kostaldeko lurraldeak hiritartzea
Munduko biztanleen % 60 kosta-lerrotik 60 kilometrotara bizi da, Nazio Batuen aburuz. Datu horri hotel-guneen eragina gehitu behar zaio, horiek eraikitzeko ekosistemei kalte egiten dieten dikeak eta presak eraikitzen direlako. Izan ere, kalkulatzen da nazioarteko turismoaren % 80ren helmugak kostaldeko tokiak direla. Turismo eta ingurumenaren arteko oreka zailaren baitan dago itsas ekosistemen etorkizuna.
Itsas baliabideen gehiegizko ustiapena
Gustu eta xehetasun guztietarako datuak badaude ere, kontua da zona jakin batzuetan kontsumitzaileek gehien eskatzen dituzten espezieen gehiegizko arrantza arazoa dagoela. Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundearen (FAO) zenbatespenen arabera, arrain-erreserben % 60 guztiz ustiatuta daude, eta % 30 modu eutsiezinean arrantzatzen da. Eskualdeko arrantza-erakundeak buru-belarri ari dira duela hainbat hamarkadaz geroztik itsas baliabideen kudeaketa jasangarrian.
Mineralak erauztea
Ozeanoen hondoek munduan erabiltzen diren mineralen –kobrea, nikela, manganesoa edo kobaltoa– % 5 hartu ahal izango dituzte. Itsaspeko meatzaritza hori gauzatzeko behar den teknologia gero eta ugariagoa da. Horrek behartuko du jarduerak itsas ekosistema sentikorretan izan lezakeen eragina aztertzera eta enpresei mugak eta betebeharrak ezarriko dizkieten arau-esparruak ezartzera.