Arrantza eta akuikultura sektorearentzako laguntzak jasangarritasunera bideratzen dira

Itsaso eta ozeanoei gutxi eragiten dieten arrantza- eta akuikultura-metodoak balio-kate osoan garatzearen aldeko apustuak kostu erantsia ekarri ohi du, eta enpresa guztiek ezin diote horri aurre egin. Hori dela eta, administrazioek urtero gastu horiek arintzeko eta Garapen Jasangarrirako 14. Helburuak –Itsaspeko Bizitza– barne hartzen dituen helburuetako batean kokatutako ekimenak abian jartzera animatzeko diru-laguntzak eskaintzen dituzte.

Euskadin, Eusko Jaurlaritzak, 2021.urtearen amaieran, 14,8 milioi euroko laguntzak argitaratu zituen arrantza- eta akuikultura-sektorearentzat. Partida horretatik 11,1 milioi Europako Itsas eta Arrantza Funtsari dagozkio eta 3,7, autonomia-erkidegoetako aurrekontuei. Eta 6.457.000 euro 2022ko ekitaldirako ordainketa-kredituak dira. Profesional eta erakunde ugari izan daitezke laguntza horien onuradun, hala nola pertsona fisikoak eta juridikoak, arrantzaleen kofradiak edo erakunde zientifikoak edo teknikoak.

Aurtengo diru-laguntzen katalogoak –eskabideak aurkezteko epea ekainaren 30era arte egongo da zabalik– hainbat alderdi biltzen ditu: arrantzaren eragina murriztea, itsasoko baliabide biologikoen kontserbazioarekin lotutako berrikuntza, itsasoko hondakinen bilketa edo motorrak ordezkatu edo modernizatzea, besteak beste.

Arrantza Ministerioa

Bestetik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak laguntza-deialdi bat du zabalik, urte honetarako eta datorren urterako, eta horren onuradun izan daitezke, Leheneratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan arrantza- eta akuikultura-sektorean hazkunde urdinaren arloko proiektuak egiten dituzten erakunde publiko edo pribatuen taldeak.
Diru-laguntza multzo horren bidez –aurrekontua bi milioi eurokoa da bi ekitaldientzat, milio bana–, sektore horien modernizazioa, eguneratzea eta hobekuntza jasangarria (produktuak eraldatu eta merkaturatzeko kate osoa barne, baita lehiakortasuna eta produktibitatea ere) ekarriko dituzten proiektuak finantzatu ahal izango dira.