Atunagatik Bermeorekin ‘senidetutako’ 6 hiriak

Mundu osoan, atun-espezieak itsas harrapaketako arrantza guztiaren balioaren %20 dira. Izan ere, 90 herrialde baino gehiagoren garapen ekonomikoaren oinarria dira, eta munduan kontsumitzen den proteina guztiaren %25. Datu horiei erreparatuta, ez da zaila asmatzea zergatik den garrantzitsua erakunde publiko eta pribatuen artean lankidetzarako sinergiak sortzea nazioarteko gobernantzaren bidez, ozeanoen jasangarritasunean aurrera egiteko.

Datorren maiatzaren 3an Bermeon egingo den Atunaren Munduko Hirien Aliantza sinatzea aurrerapauso handia da tokiko gobernuen lankidetza-esparru hori lortzeko eta baliabidearen iraunkortasuna bermatzeko, ustiapen- eta kudeaketa-jardunbide arduratsuen bitartez, ezagutza zientifiko hobean oinarrituta.

Atunaren Munduko Hiriak zein diren eta sektoreko erreferente zergatik izan diren edo egun diren adieraziko dizugu jarraian.

Majuro (Marshall Uharteak)

Ozeano Barearen mendebaldea eta erdialdea atuna modu iraunkorrean harrapatzen den eremu bakarra bihurtu dira. Lankidetza- eta dedikazio-historia honek ezagutza-aukera zabala erakusten du, talentuaren eta trebetasunen konbinazio zabala eta askotarikoa. Eskualdeak itsasontziko behatzaile-programa handiena eta osatuena du, bai eta munduko itsasontzien jarraipenerako sistemarik osatuenetako bat ere, iraunkortasun-prozeduren pean arrantza-jarduerak zuhurtziaz ikuskatzen dituena.

Manta (Ekuador)

Ekuadorrek Ekialdeko Ozeano Bareko atunontzi-flota handiena du eta bertoko industriek 500.000 tona inguru atun prozesatzen dituzte urtean: %80 kanpoko merkatura bidaltzen da (trontzoak, latak eta ‘pouch’) eta %20 bertan kontsumitzen da. Industria gehienak (%70 inguru) Manta hirian daude; bertako arrantza- eta kabotaje-terminala oso garrrantzitsua da artisau-ontzi eta ontzi industrialen arrantza ugari hartzen baita, eta horiek izkira-ontziekin batera, Ekuadorreko arrantza-flota nagusia osatzen dute. Izan ere, 2022ko lehenengo seihilekoan bakarrik 40.941 tona metriko atun lehorreratu ziren Mantako portuan 141 itsasontzitatik. Herrialde horretako atun-flotaren %75ek hiri horretan lan egiten du, eta arrantza nazional eta nazioarteko arrantzaren artean 400.000tik gora tona arrain mobilizatzen ditu urtean. Hori dela eta, Mantako Portu Agintaritzako Zuzendaritzako presidente Jessika Guadamuden adierazpenak ez dira burugabeak: “arrantza-sektoreak eragin handia du Mantako portuko ekonomian; dibisak eta lanpostuak sortzen ditu, atun-harrapaketaren bidez ez ezik, horretatik sortzen diren industria eta merkataritza guztien bidez ere”.

Manta
victoria

Victoria (Seychelleak)

Seychelleetan 90.000 pertsona bizi dira uhartediko 33 irletan eta haiek atun-arrantzatik bizi dira batik bat. Hala, hiriburuan, Victorian, arrantza eta atun-lataratzea dira bertoko industria nagusia, eta hiriko portua Indiako Ozeanoko arrantza-industriaren funtsezko ardatza da, batez ere, atunarena. Izan ere, atun-industriak inbertsio atzerritar handia erakartzen du irletara, batez ere, ondoren munduan zehar esportatzeko portu horretan arrantzaren ontzi-aldaketa egiten duten Europako atunontzi ugariren bitartez. Halaber, munduko atun-lataratze fabrika handienetako bat dago Victorian.

Pago Pago (Amerikar Samoa)

Hego Pazifikoko porturik babestuenetako bat da, eta horrek abantaila naturala ematen dio Samoa Amerikarrari, arraina lehorreratzea errazten baitu prozesatzeko; gainera, ozeanoko santutegi nazionaltzat hartzen da, Itsas Santutegien Sistema Nazionalean itsas bizitzaren aniztasun handiena bermatzen duen arrezife tropikala izanik, koral eta beste ornogabe, arrain, dortoka, itsas ugaztun eta itsas landare ugari biltzen ditu. Uharteko koralezko arrezife zabalak eta itsasoko baliabide arkeologikoak babestea du helburu, eta arrantza-eremu garrantzitsuak ere hartzen ditu.

Concarneau (Frantzia)

concarneau

Atuna da frantziarrek gogokoen duten kontserba-arraina. Izan ere, Frantzian 5.630 tona inguru atun merkaturatzen dira urtean. Frantziako Bretainiako Concarneau herria arrantza-portu garrantzitsua da, eta horretan sardina, hainbat mendez produktu izarra izan dena, hegaluzeak ordeztu zuen. XIX. mendearen erdialdera agertu ziren Concarneaun sardinan eta atunean espezializatutako lehenengo kontserba-fabrikak, eta Frantziako portu nagusienetako bat bilakatu zen. Horren erakusgarri da 1900. urtean herri horretan 30 kontserba-fabrika zeudela eta horietan 2.000 pertsona inguruk lan egiten zuela (herrian 7.000 biztanle ziren). Bigarren Mundu Gerraren ostean beheraldia egon zen jardueran, baina Concarneauk arrantza-portu garrantzitsua izaten jarraitzen du gaur egun (Frantziako lehenengo atun-portua eta seigarrena itsasbazterreko arrantzan), eta itsasogintza ere nabarmena da bertan, eta 200dik gora arrantza-ontziek kaiak eta enkate publikoa animatzen dizute.