bermeo-tuna-forum

«Ekitaldi hau beste aurrerapauso bat da Bermeoren eta bertoko sektorearen izen ona nazioartekotzeko»

entrevista-aritz-abaroa-bermeo

Aritz Abaroa
Bermeoko alkatea

Bermeo atunaren munduko hiriburua dela esatea zifrak adieraztean bermatzen da: tunido tropikalen munduko harrapaketen % 10 Bermeoko ontzidiak egiten du. Halaber, ontzidi hori erreferentea da munduan arrantzako jardunbide egokiei dagokienez. Izan ere, bertoko arrantza-sektoreak 6.000tik gora enplegu sortzen ditu, zuzenean eta zeharka, eta nazioarteko kudeaketa-erakunde askotan parte hartzen du.

Hortaz, tradizioa eta abangoardia batu dituen eta bilakaeran funtsezko jarduera ekonomikoa iraunarazteko beharrezko sinergiak sortzen jakin izan duen sektorearen lan onaren eredu biribila da. Bermeoko alkate Aritz Abaroarekin mintzatu gara Bermeon Tuna Forum hartzeko nola prestatzen ari diren jakiteko.

Zein garrantzi du atun-arrantzak Bermeoko jarduera ekonomiko eta sozialean?

Atun-arrantzak ezin hobeki islatzen ditu gure iragana, gure oraina eta gure geroa. Tunidoen arrantzak –hots, atunena, baina baita betidanik bertoko itsasbazterrean arrantzatzen ziren tunidoena ere– lotura zuzena du herriko garapen sozial eta ekonomikoarekin, eta eragin zuzena, horretan. Lehen eta orain. Bermeok lotura hestua du itsasoarekin eta portuarekin, betidanik, aspalditik. Aspaldidanik izan dira bermeotarrak egun ekintzailetzat joko genituenak; izan ere, garapen sozioekonomiko horretan eta atunarekin lotura duen guztian hasi ziren arrantzatzen, beti hobetzeko helburuarekin, sektorea garatu dute, munduko potentzia bilakatu arte. Eta horren balioa nabarmendu nahi dugu. Ahalegin horri esker lortu dugu Bermeo nazioartean posizionatzea.

Bermeoko ontzidia, gainera, kudeaketa jasangarriaren eta jardunbide egokien eredu da. Nola jorratzen da sektoreko enpresen, instituzioen eta atun-arrantzaren balio-katearekin lotuta dauden erakundeen arteko lankidetza?

Bermeo Tuna World Capital elkartea du lankidetza-esparru horrek: balio-katean esku hartzen duten eragile guztiak, pribatuak nahiz publikoak, batzeko helburuarekin sortu zen. Gure gaitasuna, sektorearen eta tunidoen arrantzaren nazioartekotzea garrantzitsutzat jotzeko helburua dugu. Jasangarritasuna da helburu nagusienetako bat, erreferente egiten gaituen jarduera garatzen jarrai dezagun, eta horregatik lan egiten dugu BTWCn, lan-ildoak zein diren jakiteko: alderdi bakoitzak bere jarrera eta gaitasuna mahaigaineratzen ditu, eta elkarteak bultzatzen du baterako lan hori.

Eta nazioartean baterako esparrua sortzeko bilaketa horretan, BTF ideia iritsi zen. Nola hartu zenuten berria?

Erakunde publiko eta pribatuok lan egiten ari garen lan horretan sortu zen BTF antolatzeko ideia, eta, bistan denez, tokiko ikuspegitik, udalerri gisa, berri itzela da. BTF aukera ederra da, eta horrela uste dugu guk, Bermeoren eta bertoko sektorearen izen ona nazioartekotzeko beste aurrerapauso bat bezala, udalerriaren garapen ekonomikorako oinarriak finkatzeko aukera bezala.

«BTFk balio behar du jendeak benetan uler dezan zer den atunaren munduko hiriburua»

Zein garrantzi du horrelako ekitaldi batek Bermeo bezalako herri batentzat?

Ororen gainetik, erronka itzela da antolaketari dagokionez, baina egundoko aukera ere, kokapen eta nazioartekotzeari dagokienez. Horrelako ekitaldi bat antolatzean lortu nahi duguna da Bermeon oihartzuna izan dezala. Nazioartekotzeak itzulera-efektua eduki behar du, baina, aldi berean, ekitaldi horien eskutik lortu behar dugu gizarteak nazioartekotze horretan sinestea, atunaren munduko hiriburutzaren parte sentitzea, guztion artean lortu dugula ulertzea, eta, hortaz, ekitaldiak gizartearen babesa izan dezala. Horregatik esan dut aldi berean erronka eta aukera dela.

Nola prestatzen ari da udalerria ekitaldirako?

Lantalde batek oinarrizko jarduera-ildo bi dauzka; alde batetik, BTFko eztabaida-lekua eta parte hartzera etorriko diren eragileekin zerikusia duen oro prestatzeko; bestetik, tokiko jarduera-ildoaren eskutik, herrian ekitaldiak antolatzeko, bermeotarrok parte har dezagun eta ekitaldiak eragin zuzena izan dezan herriko ekonomian. Horren harira, ekitaldiak, bisitak, dastaketak eta abar antolatzen gabiltza. Gauza asko dago mahai gainean, ideia ugari, pixkanaka zehaztuko direnak, aurkeztu ahal izateko.

Zein ondorio nagusi geratzea gustatuko litzaizuke Bermeo atun-arrantzaren munduko erreferente gisa kokatu duen ekitaldiaren ondoren?

Munduko erreferente izateko helburu hori benetan lortzeko, gizarteak partaide izan behar du. Horrelako ekitaldiek balio izan behar dute jendea benetan harro egon dadin eta uler dezan zer den atunaren munduko hiriburua izatea. Hots, bermeotar bat Bermeora datorren norbaiti atunaren munduko hiriburua zergatik garen azaltzeko gai izan dadin, eta bisitariak ere partaide egitea, atunaren munduko hiriburuan daudela senti dezaten. Atunaren munduko hiriburua garela herri arrantzalea izan ginelako eta garelako, eta sektorekin lotuta sozial eta ekonomikoki garatzen jakin nahi izan dugulako. Eta bermeotarrek uler dezaten gure etorkizunak arrantza-sektorea duela euskarri. Gauzak aldatzen eta bilakatzen ari dira, baina aukeraz beteriko espazioa dugu, eta sektoreak eta udalerriak konpromisoa dute ingurumenarekin. Jendeari ezagutarazi behar zaio atunaren balio-katea bultzatzen dugula, baina erantzukizunez.

pescadores-bermeo