Izaskun Bilbao, diputada en el Parlamento europeo

“Bermeo bisitatzen badute, zergatik garen Tuna World Capital jakingo dute”

Izaskun Bilbao
Europako Parlamentuko diputatua

Izaskun Bilbao, Eusko Legebiltzarreko lehen emakume Lehendakaria, Bermeoko arrantzaleen familia batekoa da. 2009tik Europako Parlamentuko diputatua da, EAJ-PNV alderdiaren ordezkari gisa, eta, besteak beste, Arrantza Batzordean dihardu han. Hortaz, ondo baino hobeto ezagutzen du sektorearen egoera, eta arrantzari prestigioa emateak duen garrantzia azpimarratu du, itsasoko lanak berekin dakartzan ahalegina eta arriskua ezagutzera emateko, eta aitortu du marinel-hiribilduaren mira duela, eta harrotasunez mintzatzen dela bere herriaz ahal duen guztietan. “Bermeo bisitatzen badute, zergatik garen Tuna World Capital jakingo dute”, adierazi du.

Zure familia arrantzalea da, aintzat hartzen al da arrantzaleen lana?

Ez, inondik ere. Beti esan dut arrain baten truke ordaintzen den prezioak ez duela behar adina konpentsatzen: pertsonek itsasoan egiten duten lana, batzuetan aurre egin behar izaten dituzten baldintzak, lehorrean horien zain geratzen direnak. Eta, zer esanik ez, emakumeen lana, nahitaezkoa, hainbat denboraz ikusezin bihurtu dena. Emakume horiek gabe, hots, neskatilak, saregileak eta paketariak gabe ezin izango zatekeen sektorea iraunarazi.

Zein oroitzapen duzu?

Ama eta bere adiskideak gogoratzen ditut portuan, antxoa-kutxak deskargatzen, garbitzen eta orgetan, malabaristak balira bezala, arrain-fabriketara eramaten. Zorionez, emakume horiek estatus profesionala aintzat hartzen ari dira. Itsasoa gogorra da, eta diru-sarrerak ez ziurrak izateaz gain, ez dakizu inoiz zer aurkituko duzun itsasoan, ez dakizu dagokizun arrain-kuota hurrengo denboraldian egongo den. Horri gehitzen badiogu sektorearen mezu eta beharrei erantzuteko DG Mare-ren –EBn itsaso eta arrantza gaietako politikez arduratzen den zuzendaritza nagusia– egungo jarrera urruna, ulertezina eta negatiboa dela, egoera kezkagarria da.

Zertaz ari zara?

Nire ustez, EBko agintarien jarrera hori sektorearekin elkarrizketan aritu ez izanaren eta sektorea ezagutu ez izanaren ondorio da, eta horrek erauzketa-jarduerari mesfidantzaz begiratzea dakar. Urteak daramatzat behin eta berriz esaten sektoreak jarduerari prestigioa emateko esfortzua egin behar duela, itsasoko lanak dakartzan ahalegina eta arriskua ezagutzera emateko. Europako elikagaien segurtasunari eta Europako balioak munduan zehar zabaltzeko eta hirugarren herrialdeekiko lankidetzari egiten diegun ekarpenaren balioa nabarmentzeko. Kontakizun positiboa behar dugu. Deitoragarria da topikoetan oinarritutako arrazoibideak, faltsukerietan ez bada, errealitatea ezkutatzea. Egia esan, Europako sektorea da itsas ingurunea zaintzeko interesa duen lehena eta, horren ondorioz, itsasoan egiten dituen jardueren berrikuntza eta jasangarritasuna lideratzen ditu.

Beharrezkoa da sektoretik bertatik ahalegin bat egitea jarduera horri prestigioa emateko, itsasoko lanak dakarren ahalegina eta arriskua ezagutarazteko.

Sektorea eta horretan diharduten pertsonak defendatzen ditugu

Gaur egun, Arrantza gaietako koordinatzailea zara Parlamentuko Renew Europe taldean. Zein dira horren lan-ildo nagusiak?

Hainbat, era askotakoak, baina labur azaltzeko, sektorea eta horretan diharduten pertsonak defendatzen ditugu. Itsas ingurunearen sasidefendatzaileei ulertarazten saiatzen gara kostaldeko komunitateak ere badirela inguru horren partaide, ahalegin itzela egiten dutela ingurua babesteko, jasangarritasunean interesa duten lehenak direla eta kostaldeko komunitateei esker babesten dugun ondarea –kulturala, gastronomikoa, produktiboa, naturala….– zaintzeko laguntza merezi dutela.

Bermeoko atunketariak erreferentea dira munduan arrantza jasangarriko jardunbide egokietan. Zer esango zenieke arrantza-jarduera itsas inguruneko predatzaileekin parekatzen dituzten kolektibo edo taldeei?

Sektorea sakonago ezagut dezatela, horretan lan egiten duenei entzun diezaietela, hurbil daitezela eta garena eta egiten duguna ezagut dezatela, besterik ez. Zoritxarrez, kritika horietako askoren atzean bi arazo daude. Kasu batzuetan, negozio-eredu bat. Sensatsionalismoak saltzen du, eta kritikaren batzuk eta kritika horiek zabaltzeko moduren batzuk horrelakoak dira. Kontua da jarrera horrek zailtasun handiak eragiten dizkiela Europako atunketariei, gizarte- eta ingurumen-estandar zorrotzak dituzten horiei, baina ez dute zalantzan jartzen ur beraietan Asiakoak gero eta maizago egotea, eta badirudi horiek gogoak emandakoa egiteko baimena dutela.

Itsaslapurreta-mehatxuak Gineako golkora mugitu omen dira. EBk neurririk hartu al du itsasontziak babesteko? Zer deritzozu Atalanta operazioari?

Atalanta operazioak markatu zuen jarraitu beharreko bidea. Baina guk, sektoreak eskatu zuen moduan, Bruselan eta Madrilen eskatu genuen gure ontziek, Frantziakoek bezala, militarrak eramateko aukera izan dezatela, nazioarteko hainbat txostenek gomendatzen zutenaren arabera. Hori ez zen posible izan, Gobernuak ezetz esan zuelako, baina konponbide bat proposatu zen eta horrek funtzionatu zuen. Antza, Gineako golkoan mehatxua areagotzen ari da, eta ez die arrantza-ontziei bakarrik eragiten; merkataritzako itsasontziei batez ere. Ontziei segurtasuna eskaini behar zaie, jarduerarekin jarrai dezaten. Badakigu zein formulak funtzionatzen duen, eta berriro abiarazi beharko dira.

Hartu al du EBk neurriren bat arrain ‘begetal’ edo ‘begano’ren etiketatzearen nahaste-borrastea, kontserba-sektorearentzat hain kaltegarria dena, bukarazteko?

Gero eta produktu-etiketa gehiagok erabiltzen ditu arrainen izenak. Eskandalagarria iruditzen zait produktuaren azal osoan ‘Legatz-xerrak’ letra handietan idatzita duen etiketa baimentzea, eta horren azpian, letra irakurgaitzean, irakurtzeko ahalegin handia eginez, ohartzen gara, benetan, ‘produktu begetala, arrautza-irinetan pasatutako arrain-xerra modukoa, soja proteinaduna’ jartzen duela. Publizitate engainagarria da, eta horrek arrantza-sektoreari eta kontsumitzaileen eskubideei kalte egiten die. Horregatik gustatuko litzaidake Batzordeak nik hainbatetan ikusitako –esaterako, palma-eztiarekin edo edari begetalen deiturarekin– irizpideak bezain sendoak jar ditzan. Hamalau urte daramatzat horretan lan egiten, baina ez dut borondate politikorik ikusten.

Benetakotasuna

Bermeoz harrotasunez mintzatzen al zara Bruselan? Kantauriko kresalaren mirarik?

Ahal dudan guztietan jendea animatzen dut Bermeora joatera. Parlamentuan arrantzaz egiten ditudan mintzaldi guztietan aipatzen dut nire jatorria eta gogorarazten dut aldi baterako nagoela erakunde horretan. Errealitate hori irudikatzeko dudan bokazioan oinarritzen da hori, askoz gehiago entzutea behar eta merezi duen sektore baten hitza bertara ekartzeko dudan bokazioan. Horregatik, kresalaren mira dut, nire ingurunearen mira, eta nire ustez esan nahi duena hona ekartzen, gogorarazten, saiatzen naiz: benetakotasuna. Jakina eta begi-bistakoa denez, gainera, aukerarik txikienaz ere baliatzen naiz Bermeon egoteko.

Zer esango zenioke marinel-hiribildua ezagutzen ez duen norbaiti, bisitatzera joan dadin?

Natura, argia, alaitasuna garela. Historia ere badugula, itsasora begira gaudela, leku eder batean, benetako leku batean… hemen ere ilunabar paregabeak ditugula, uretan inon ez bezala distiratzen duten ilargiak ditugula… itsasoarekin loturiko herri baten historiaren parte garela… beti arazoei ausardiaz aurre egin dieten gizon-emakumeen historiarena. Aukerez beteriko lekutzat jo dugu zerumuga beti. Itsasoak zeharkatu ditugu eta ekintzaileak eta berritzaileak izan gara. Horregatik animatzen ditut herria ezagutzera, gure portua, gure sektorea bisitatzera etortzera, kuxkuxeatu eta kalitate bikaineko materiala eros dezatela Arrain Azokan. Bisita ondo antolatuta badago eta biribila bada, bisitari guztiek jakingo dute, Bermeotik igaro ondoren, zergatik garen Tuna World Capital.

Atuna gustatzen al zaizu?

Hegaluzea gustatzen zait, eta atuna, kozinatzeko era guztietan. Proteina bikainak, ezaugarri organoleptiko izugarriak eta sukaldaritzako tradiziorako eta berrikuntzarako aukera handiak. Arraina maneiatzen dudan bitartean, itsasoko gizonek eta emakumeek kalitate bikaineko produktu horiek goza ditzagun egiten duten ahalegina estimatzen eta aintzat hartzen dut.