pesca de atún en bermeo

«Bermeoko atun industriak era aitzindari eta eredugarrian ari dira jasangarritasuna lantzen»

Ignacio Serrats
Bermeo Tuna World Capitaleko presidentea.

Ignacio Serrats Bermeo Tuna World Capitaleko, aliantzako publiko-pribatu presidentea da eta Bermeo, Euskadi eta munduko atunaren balio kateko eragile nagusiak inplikatu nahi ditu atunaren inguruko kudeaketa jasangarrian, baliabide natural gisa. Izan ere, gure planetaren biztanleria etengabe handitzen ari da eta etorkizunari kezkaz erreparatzen hasi behar da, askoz baliabide gehiago behar izango baita biztanleak elikatzeko; hortaz, sinergiak sortu beharko dira sektoreko jasangarritasunaren bidean lan egiten dezaten, ezagutza zientifikoa eta jardunbide egokien lidergoa oinarri hartuta.

Nola eta zergatik sortu zen Bermeo Tuna Forum (BTF) eratzeko ideia?

BTWC proiektuak bi euskarri ditu; garrantzitsuena BTF da, horren bidez ezagutaraziko baitugu egin nahi dugun guztia. Izan ere, guk, Bermeon, gurean, onenak garela esan dezakegu, baina nazioartean aintzat hartzen bagaituzte (izan ere, aintzatespena lortu nahi da Hirien Itunaren bidez edo adierazpen unibertsal baten eskutik, hots, atunaren jasangarritasunerako azken helburua baita), zentzua izango du BTWC-k. Oraindaino, Bermeon bakarrik bagaude eta dena oso ondo egiten dugula esaten badugu (barreak), ondo dago, baina nazioartean aintzat hartzen bagaituzte, zentzua izango du. Hori baita muina.

10%
Munduko hegalaburraren harrapaketen % 10 Bermeoko flotak egiten ditu

 Zer dakarkio sektoreari Atunaren Jasangarritasunaren aldeko Nazioarteko Adierazpena sinatzeak, eta, gainera, berton egin izanak?

Bermeo garrantzitsua da atunaren sektorean, munduan harrapatzen diren atunen % 10 18.000 biztanleko herri bateko arrantza-ontziek arrantzatzen dutelako, eta datu hori itzela da. Gaur egun, Bermeoko atun-industria guztiak era aitzindari eta eredugarrian ari dira jasangarritasuna lantzen. Lortu nahi dugu Bermeorentzat eta munduarentzat hain garrantzitsua den baliabide hori (atuna) jasangarria izan dadila. Eta helburu hori itsasoak zaintzen, marinelak zaintzen, arrantza-ontziak zaintzen eta balio-kate osoa zaintzen egiten badugu, horrek etorkizuna izango du. Bestela, zer gertatuko da? Baliabidea akabatuko dugula. Guk, bertatik, atunaren jasangarritasuna bultzatu nahi dugu, zientzia oinarri izanda, hots, Azti euskarri hartuta, munta handiko “hanka” baita. Itsas zabaleko arrantzaz ari naiz, baina hegaluzeaz ere mintzatu behar gara (askotan ez baita nahiko nabarmentzen), euskal arrantza-ontziek eta Kantauri itsasokoek MSC zigilua dute, zeina buru-belarri lanean ari den jasangarritasunaren alde.

Zein dira atunaren sektoreak epe laburrera eta ertainera dituen erronka nagusiak?

Garrantzi handikoa da atuna oraingoz ondo egotea itsasoetan, ale-kantitateari nahiz espezie-motei dagokienez. Gure helburua da atun-arrantzaren kudeaketa jasangarria lortzea, bai baliabideari dagokionez, bai egileei, hots, arrantzatzen duten marinelei dagokienez, itsas zabaleko arrantzan nahiz itsasbazterreko arrantzan dihardutenak aintzat har daitezen, gizaki gisa errespeta daitezen, langile duintasuna izan dezaten. Eta gauza bera, balio-kate osoarentzat. Eta horri esker, 50 urte barru atuna, atun hegal-horia eta hegaluzea eduki ahal izango ditugu; bestela, biztanleriak gora egiten jarraituko du, gero eta atun gehiago nahi izango dugu, eta akabatu egingo dugu; beraz, orain neurririk hartzen ez badugu, akabatu egingo dugu.

Gaur egun atunaren arrantzaren kudeaketa jasangarria egiteak baliabide hori 50 urte barru izateko aukera emango digu.

Kontzientziatu beharra

Eta, bide onetik al goaz?

Asko dago egiteko oraindik kontzientziazioari dagokionez. Ondo goaz, baliabide-kantitateaz ari bagara, baina… … zein da unerik egokiena bi pertsonak kontratu bat sinatzeko? Arazorik ez dagoenean. Arazoak sortzen direnean egiten badugu, ika-mikak sortuko dira. Hortaz, gaur egun, Bermeoko flota eredugarria da, itsasoak errespetatzen dituelako, eta gure buruei jarri dizkiegun arauak –sinetsita gaudelako etorkizunerako beharrezkoak direla– gainerakoek ere onartzea nahi dugu, eta, horrela, guztiok arau berberen arabera lan egingo dugu, itsasoaren etorkizuna errespetatuta, alegia.

BTF ondoren, mahai gainean zein ideia nagusi geratzea nahi zenuke?

Nazioarteko adierazpenaren partaidetza arrakastatsua izan dela, eta horretan hainbat erakundek, hala nola Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO), Nazio Batuen Erakundeak (NBE), atunaren hiriek eta Hirien Itunak atunaren jasangarritasunaren alde esku hartu dutela.