barco-pesca-bermeo

Kantauri itsasbazterreko arrantza-ontzidia, jasangarritasunaren eredu

Bermeo, Lekeitio eta Ondarroako itsasontziek, baita Kantauri itsasoaren ipar-mendebaldeko gainerako ontziek —Opegui, Opescaya, Opacan eta Asturiasko Kofradien Federazioan bildutakoak (167 ontzi guztira)— egiten duten xaxiango eta kanabera bidezko hegaluze-arrantzak, MSC (Marine Stewardship Council) jasangarritasun-ziurtagiria berritu zuen joan den urtearen amaieran. Ekoetiketa berriz ebaluatu zuten zigilu urdinaren arduradunek “nazioarteko kudeaketa egokiaren munduko eredu” gisa definitu zuten.

Lehenengo ziurtagiriaz geroztik (duela bost urte lortu zena), arrantzak konpondu egin ditu ezarri zitzaizkion bost hobekuntza-baldintzak; horiek zerikusia zuten stockaren egoerarekin, ondo zehaztutako harrapaketak kontrolatzeko arauak garatzearekin eta arriskuan, mehatxupean eta babestuta dauden espezieen gaineko eraginarekin eta informazioarekin, besteak beste.

Ebaluazio berriak berretsi egin du ziurtapen horren adierazle guztiek jardunbide egokien maila badutela. «Inoiz ez bezalako arrakasta da tunidoen arrantzarako», adierazi zuten MSCkoek.
Halaber, nabarmendu dute arrantza hori «aitzindaria izan dela eta eredu dela munduan, Atlantikoko Atuna Kontserbatzeko Nazioarteko Batzordearen (ICCAT) baitan, ondo zehaztutako harrapaketak kontrolatzeko arauak garatzeko orduan, eta, arau horiek, hain zuzen, “stocken kudeaketa zientifikorako balio dute”.

Bizkaiko Baxurako Arrantzako Ekoizleen Erakundeko (Opescaya) zuzendari Aurelio Bilbao Barandicaren hitzetan, aintzatespen hori “berri ona da hegaluzea harrapatzen jarduten duten arrantzaleentzat. Gizarte guztia gero eta kontzientziatuago dago jasangarritasun-ziurtagiria duten arrantza-espezieen kontsumoaz, eta erosketa bakoitzean horiek kontsumitzera animatzen dugu”.