La cooperación internacional, clave para el futuro del sector pesquero

Nazioarteko lankidetza, funtsezkoa arrantza-sektorearen etorkizunerako

Eskualdeko atun-arrantza erakundeak (ORP, gaztelaniaz) eta sektorearen egoera jorratu ziren Bilbao Exhibition Centre-k Eurofishing biltzarrean programatutako atunontzi izoztaileak hizpide izan zuen saioaren lehen taldean. ANABACek antolatuta, lehenengo bi ponentziez Josu Santiago, AZTIko Tunidoen Arrantzaren Kudeaketa Jasangarria Arloko koordinatzailea, eta Teresa Molina, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Eskualdeko Arrantza Akordio eta Erakundeen zuzendariorde nagusia arduratu ziren.

Hala, Santiagok munduko tunidoen stock egoeren kopuru nagusiak adierazi zituen. “Gaur egun, bost milioi tonatik gertu gaude, gehienezko errendimendu jasangarritzat hartzen den maila baino milioi eta erdi gutxiago”, esan zuen. Horren haritik, hau azpimarratu zuen: “munduko atun harrapaketen % 86 egoera onean dauden baliabideetatik dator”. Haatik, AZTIko adituak zehaztu zuen arrantzaren % 11 gehiegi ustiatuta dauden zonetan egiten dela. Eta egoera larrienean dauden tunido-espezieak aipatu zituen: atun moja eta atun hegal-horia.

Egoera hori lehengoratzeko, Josu Santiago Eskualdeko atun-arrantza erakundeek hartzen dituzten neurriekiko konfiantza agertu zuen. Izan ere, gogora ekarri zuen 80ko hamarkadan atun-populazioek izandako beheraldia lan arduratsu baten bidez lehengoratu zela, eta lan horren emaitzak hiru hamarkada ondoren iritsi zirela. “Berri ona da, baieztatu baitu erakunde horiek funtzionatu egiten dutela”, azpimarratu zuen, eta, ondoren, adierazi zuen gaur egun ahaleginak beste espezie batzuk –esaterako, marrazoak– babesteko bideratu behar direla.

Erronka hori aipatzeak aukera eman zion sektoreak datozen hamarkadetan aurre egin beharreko erronkez aritzeko. Klima-aldaketaren ondorioez gain, gutxi dira hauek bezain beharrezkoak: “operadore guztiei segurtasun handiagoa emango dieten aldez aurretik adostutako antolamendu-prozedura berriak ezartzea, esaterako, Atlantikoko hegalaburrari buruz duela gutxi hartutako akordioak, Mendebaldeko Ozeano Bareko atuntxikia edo Indiako Ozeanoko atun moja”. Halaber, multilateralismoaren garrantzia azpimarratu zuen, zeren eta, “elkarrekin lan egiten badugu, lorpen itzelak lortuko baitira”.

teresa-molina-eurofishing

LEGEZ KANPOKO ARRANTZA ETA MEAK

“Hitzarmenak bikoiztu gabe” ozeanoen jasangarritasunean aurrera egiteko nazioarteko gobernantzaren bidezko lankidetza izan zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Eskualdeko Arrantza Akordio eta Erakundeen zuzendariorde nagusi Teresa Molinak eman zuen ‘errezetetako’ bat. Horrela bakarrik lortuko da «munduko stockei kalte handia ematen dien legez kanpoko arrantzaren kontra borrokatzea». Espainiako Gobernuko ordezkariak aurreratu zuen arrantza eta itsas hondoetan meak erauztea aldi berean egiteak ekarriko duen arazoa. «Gero eta teknologia gehiago dago hori egiteko, baina jarduera hori kaltegarria da, beraz, interesen arteko lankidetza behar da, arrantza eta ingurumena babesteko», esan zuen.

Erronka horiei ekin aurretik, Molinak gogorarazi zuen lehenengo eskualdeko arrantza-erakundea orain dela mende bat baino gehiago sortu zela, eta horretan Kanadako eta Ameriketako Estatu Batuetako agintariek esku hartu zutela, Ozeano Bareko halibut-arrantza erregulatzeko. “Akordio hura arrantza-sektoreak eskatuta lortu zen, arrantzan lurrunontziak erabiltzeak espezie horrengan beheraldia sortu zuelako”, adierazi zuen, azaltzeko sektoreak ingurumena babesteko gaietan duen inplikazioa aspaldikoa delako.

Horri dagokionez, adituak Europar Batasunaren arrantza-politika bateratuaren paradigma aldatu egin dela azpimarratu zuen. “2013ra arte, nazioarteko flotak mantentzean eta merkatuetako hornidura bermatzean oinarritzen zen. Urte horretatik aurrera, arrantza jasangarria eta arduratsua da helburua”. Halaber, EBko ekintza gidatzen duten beste helburu batzuez mintzatu zen, hala nola garapen zientifikoaz, ingurumenaren eta garapenerako lankidetzaren alderdiak integratzeaz edo klima-aldaketaren kontrako borrokaz.