Horrela zaintzen dute marinelen osasuna euskal atunketarietan

Telemedikuntzak oinarrizko asistentzia errazten du Indiako Ozeanoan, Ozeano Barean eta Ozeano Atlantikoan arrantzatzen duten dozena bat itsasontzietan.

Itsas zabaleko telemedikuntza modernoaren jatorria ezagutzeko, joan den mendeko 20ko hamarkadaren amaieraraino edo erdialderaino atzera egin beharko litzateke. Irrati-deiak ziren hainbat itsasontzitako tripulatzaileen modu bakarra marinelen batek istripuren bat izanez gero edo gaixotasun batengatik zainketa edo tratamendu berezirik behar izanez gero, eta garai hartan lehorrarekin komunikatzea oso zaila zen, interferentziak eta atzerapenak ohikoak zirelako.

400
400dik gora tripulatzailek ateratzen diote onura proiektu pilotu horren bigarren faseari.

Gaur egun, berriz, itsas medikuntzan izandako aurrerapenei esker, paziente eta medikuaren arteko distantzia- eta denbora-oztopoa nabarmen murriztu da; izan ere, sendagileek arrantzatzen diharduten marinelei ematen dieten asistentzia aurrez aurre emango lieketenaren antzekoa da ia.

Horren erakusgarria da Indiako Ozeanoan, Ozeano Barean eta Ozeano Atlantikoan arrantzan egiten duten euskal atunketari-izozkailuetan telemedikuntza-sistema ezartzeko esperientzia pilotua. Aurrerapen itzela da –egun, bigarren fasean dago–, eta horri esker, ozeano horietan arrantzatzen duten dozena bat atunketarietako 400dik gora tripulatzaileen osasun-premiak eta larrialdiak artatzen dira.

Ekimen hori OPAGAC (Organización de Productores Asociados de Grandes Atuneros Congeladores, Atun Izoztuen Ekoizleen Elkartea) elkarteko kide diren atunketari-izozkailuetan ezarri da –horietako gehienak Bermeon daude kokatuta: Albacora Uno, Albacora Tres, Mar de Sergio, Albatun Dos, Albacora Quince, Txori Argi, Txori Zuri eta Itsas Txori–, eta horren bitartez, hogeita hamar ontziburu, kapitain eta zubiko ofiziali prestakuntza eman zaie bere garaian ontziratu ziren ekipamendu medikoak erabiltzeko. «Tresna horien bidez, itsas zabalean dagoen pazientearen oinarrizko miaketa egiten dute Vigoko Grupo Vithas-eko Nuestra Señora de Fátima ospitaleko zerbitzu medikuek», azaldu dute.

Bizi-zeinuak monitorizatzeko beharrezko tresneriarekin hornituta daude atunketariak.

Kamera bidezko miaketak

Gailu sofistikatu horiek Indar Armatuek erabiltzen dutenen antzekoak dira. Eta atunketarietan bizi-zeinuak monitorizatzeko tresneria ere badute. «Elektrokardiograma bat egin dezakete, edo osasun-arreta behar duen marinel bati arteria-presioa, oxigeno-asetasuna eta tenperatura neurtu; era berean, miaketa dermatoskopioa egiteko kamera bat ere badute», zehaztu dute.

Halaber, itsasontzi bakoitzak monitorizazio zirkadianoa egiteko gailuak –jarduera-eskumuturrekoak– ere baditu, «tripulatzaileen gorputz-tenperatura, jarduera fisikoa edo loaldiaren zikloak erregistratzeko».

Ondoren, bildutako datuak Madrilgo Unibetsitate Politeknikoak (UPM, gaztelaniazko siglak,) tratatu eta aztertuko ditu; hots, itsasontzietako osasun-arazo ohikoenen kasuistika aztertu eta arrantza-ontzietan zein teknologia mediko ezarri adieraziko du. Telemedikuntzako zerbitzua urteko egun guztietan dago eskuragarri, Vigoko ospitale haren eskutik.