ZUNIBAL «Itsaso eta ozeanoen jasangarritasunaren alde lan egiten dugu eta, horretarako, teknologia aurreratuak aplikatzen ditugu arrantza-jardunbide arduratsuak ezartzeko»

Iraunkortasunaren helburua
Bermeo Tuna Forum 2 y 3 mayo de 2023 / iraunkortasunaren helburua  / ZUNIBAL «Itsaso eta ozeanoen jasangarritasunaren alde lan egiten dugu eta, horretarako, teknologia aurreratuak aplikatzen ditugu arrantza-jardunbide arduratsuak ezartzeko»
zunibal

ZUNIBAL «Itsaso eta ozeanoen jasangarritasunaren alde lan egiten dugu eta, horretarako, teknologia aurreratuak aplikatzen ditugu arrantza-jardunbide arduratsuak ezartzeko»

angel_martinez_zunibal

Ángel Martínez
Zunibal-eko merkaturatze-saileko zuzendaria

ZUNIBAL

Euskadiko enpresa teknologikoa da Zunibal, itsas teknologiako konponbideak sortzen ditu eta atun-arrantza jasangarria eta efizienteagoa lortzeko ekozundez eta satelite bidezko komunikazioaz hornitutako buiak fabrikatzen espezializatuta dago. Sistema berri horiei esker, atunontziek, sarea bota aurretik, itsasoko toki jakin batean dagoen atun-kantitatea zenbats dezakete, sistemek, adimen artifizialeko tresnen bidez, xede-espezieak bereizteko eta tunido gehien biltzen diren zonak zein diren jakiteko aukera ematen dutelako.

“Zunibal-en dihardugunok itsaso eta ozeanoen jasangarritasunaren alde lan egiten dugu eta, horretarako, teknologia aurreratuak aplikatzen ditugu atun-arrantzaren sektorean, arrantza-jardunbide jasangarriak eta arduratsuak ezartzeko. Arrantzaren jarraipena eta detekzioa egiteko sistemak diseinatu eta fabrikatzen ditugu, itsas ingurunearekiko inpaktua murriztu eta arrantza-jardueraren efizientzia hobetze aldera. Izan ere, gure sistemaren erresilientzia beharrezkoa da itsas ekosistemaren exijentziak betetzeko, bai atuna arrantzatzeko gure Tuna8 Explorer eta Tuna8 Xtreme buiena –itsas ingurunearen eguraldi txarrari ezin hobeki aurre egiteko gai dira– , bai gure ZuniSea Controller sistemena –komunikazioak baldintza gogorretan mantentzeko eta datuak bidali eta jasotzean fidagarritasuna ziurtatzeko gai dira– ”, xehatu dute enpresa teknologikoko arduradunek.

Izan ere, satelite bidezko buiak eta kudeaketa-softwareak erabiltzea da txankurik efizienteena, eta jasangarritasunaren 3 aldiei laguntzen die: ekonomikoa eta ingurumenari buruzkoa, arrantza-lanetan erregai-kontsumoan efizientea delako; ingurumeari buruzkoa ere, beste txanku batzuekin alderatuta, arrantza intzidentalaren indizeak oso txikiak direlako; eta, azkenik, gizarteari ekarpen handia egiten diolako, atuna baita proteina-iturri nagusia munduko eskualde askotan, eta, bestetik, atun-industriak milaka enplegu sortzen dituelako.

«Arrantzaren jarraipena eta detekzioa egiteko sistemak diseinatu eta fabrikatzen ditugu, itsas ingurunearekiko inpaktua murriztu eta arrantza-jardueraren efizientzia hobetzeko. »

Nola laguntzen du teknologiak arrantza-jardueraren jasangarritasunean?

Teknologiak eragin nabarmena izan du arrantza-jardueraren jasangarritasunean azken urteotan. Esaterako, arrantza monitorizatzeko eta horren jarraipena egiteko gure sistema aurreratuek denbora errealean lor ditzakete itsasontzien kokapenari eta antzemandako biomasari buruzko datuak, eta, horri esker, baliabideak modu arduratsuagoan kudeatu daitezke eta ingurumenarekiko inpaktua murriztu, eta, aldi berean, itsas miliako tona-ratioa hobetu. Halaber, adimen artifizialean eta makinen ikaskuntzan (machine learning) egin dugun inbertsioa eta horiek gure gailuetan eta softwarean ezartzeari esker, arrantza-lanak efizienteagoak eta jasangarriagoak dira.

Zein dira Zunibal-ek dituen konponbide teknologiko nagusiak atuna arrantzatzeko?

Hainbat urtez datu masiboak bildu ondoren garatutako arrantza-algoritmoari esker, adimen artifiziala txertatu dugu gure kudeaketa-softwarean, adieraz dezan antzemandako biomasa atuna den. Bestetik, ZuniSea-k (gure controller-a) Fortuna Charts izeneko mapa konfiguragarrien hainbat mota ditu alderdi batzuk ezagutzeko, hala nola tenperatura, plankton kantitatea, olatuen egoera, gazitasuna, haizeak, ur-lasterrak eta oxigeno disolbatua. Aldagai ozeanografiko horiek guztiak makinen ikaskuntzak aztertzen ditu, eta hori ozeanoen zona onenak zein izango diren zehazteko gai da, eta, hortaz, bezeroek erabili egiten dute erabakirik onenak hartzeko: arrantzatzera nora joan edo sarea noiz bota, buian ez ezik, sarda librean ere, arrantza-lana are efizienteagoa izan dadin.

Tresna horiek atun-espezieak bereizteko ere balio al dute? Hori al da etorkizuneko apustua atun-sektorearentzat?

Zunibal-en beti bideratuko dugu gure garapena arrantza-jardunbide egokiak –esaterako, ustekabeko harrapaketak murriztea– sustatzera; hain zuzen ere, hori da sektorearen eskakizun nagusienetako bat. Hori dela eta, maiztasun hirukoitzeko buia sortu dugu eta horrek bolumen berean zundatzen duten eta maiztasun ezberdinen informazioa alderatzeko aukera ematen duten hiru transduktore intsonifikatu ditu. Esate baterako, buia horren bitartez zehatz daiteke zein tunido-mota dagoen FADen azpian, arrantza intzidentala murrizteko. Punta-puntako teknologia horren bidez, atun-arrantzak ingurumenaren gainean duen inpaktua minimitzatzen dugu, harrapatu nahi diren espezieak identifikatu eta hautatu ahal izango direlako eta beste espezie batzuen heriotza-tasa murriztu, itsasoko biodibertsitatea zainduta. Buia hori da urte askotako ikerketaren emaitza; izan ere, urte horietan, gure teknikari eta akustikalarien taldea itsasontzietan egon da 3 maiztasun zientifikoekin lan egiten, gure datuak biltzen, aztertzen eta informazio zientifiko kopuru handiarekin egiaztatzen.

Proiektu gehiagotan lan egiten al duzue jasangarritasunaren alde?

Arrantza-sektorean eta ozeanoak zaintzen diharduten enpresekin, erakundeekin eta eragile nabarmenekin ari gara elkarlanean Zunibal-en. Hain zuzen, Itsasoko Laguntzarekin, gure ZuniSOS larrialdiko buiaren bitartez naufragioen biktimak aurkitzen laguntzeko; buia horrekin ere fuel-olio orbanak aurki daitezke, egoki ken daitezen. Halaber, irabazi-asmorik gabeko beste erakunde batzuekin ere ari gara elkarlanean, hala nola BBK Kuna-rekin (gizarte-berrikuntzako tokia, zeinean Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) zerikusia duten hainbat eragilek parte hartzen duten), PTEPArekin (arrantza- eta akuikultura-sektorearen teknologia- eta berrikuntza-garapena sustatzen du) eta Bermeo Tuna World Capital-ekin (atunaren gaineko kudeaketa jasangarria sustatzen du mundu-mailan baliabide-natural gisa, ezagutza zientifikoaren eta jardunbide egokien lidergoaren arabera).

Zeintzuk dira etorkizuneko erronka nagusiak?

Gure erronka nagusia gure filosofia bilakatu da azken urteotan: Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) kolaboratzeko apustua. Batez ere, 14. Helburuarekin, hots, ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak zaintzea eta modu jasangarrian erabiltzea, garapen jasangarriari begira. Halaber, adimen artifizialaren aldeko apustua jasangarritasunaren eskutik doa gure arloari dagokionez. Gure teknologiaren bidez lortu nahi dugu ozeanoak gutxiago kutsa daitezen eta itsasoko ekosistemen gaineko inpaktua murritz dadin. Badugu beste helburu bat ere: hainbat herrialdetan –hala nola Senegal edo Ghana– lana sortzea, ekonomia zirkularreko gure programari esker, zeinaren bidez, inpaktua ahalik eta txikiena izan dadin, birziklatu eta kontsumo arduratsua sustatzeaz gain, eskualde behartsuetan lana sortzen den.